1866an jaio zen Mañarian. 1878an Albaceteko Almansara aldatu zen, han bizi zen Abadiñoko osaba baten etxera. Mañarian eta Durangon eginiko lehen ikasketen ostean han burutu zuen batxilergoa Ebaristok. 1883an Madrilera joan zen Kaminotako Ingeniaritza ikastera, baina ez zuen karrera hau bukatu. Horren ordez Zientzia Fisiko-Matematikoetako Lizentziatura lortu zuen 1891an. Gero Guadalajarako Sigüenzan matematikako irakasle egon zen.
Azkuerekin harremanetan
Euskal Herritik kanpora bizi izan zen denbora guztian ez zuen euskara ahaztu. Ostera, Madrilen ikasle zela, esate baterako, beti ahalegindu zen beste ikasle euskaldun batzuekin biltzen eta euskaraz aritzen ziren. Euskara hobetu nahian Azkueren gramatika erabili ohi zuen eta bazuen harremana Azkueren lagunen batzuekin.
Azkue bera Bilbon bizi zen hainbat lanetan murgilduta. Besteak beste, Sabino Aranarekin eta Miguel Unamunorekin lehian lorturiko euskarako katedran irakasten. Lanpetuegia zegoen, bere hiztegia lantzeari eskaini nahi zion denbora atera ezinda. Katedrako lana arintzeko, laguntzaile bat behar zuen. Kirikiño, berriz, Euskal Herrira itzultzeko irrikaz zegoen.
Kirikiño Madrilgo Unibertsitatean ikasle zela. Taldean Miguel Primo de Rivera gero Espainiako diktadore izango zena ageri da.
Prestakuntza ona zuen, frantsesa eta ingelesa menperatzen zituen eta prest zegoen edozein lani heltzeko. 1900ean Azkuek proposamen bat egin zion Kirikiñori: euskarazko astekari berri bat ateratzekotan zebilela eta zuzendaritza eskaintzen ziola. Kirikiñok ez zuen eskaintza onartu, ez zuelako kazetaritza-lana ezagutzen. Azkuek ez zuen etsi eta behin eta berriz errepikatu zion eskaintza, baina Kirikiñok behin eta berriz ezezkoa eman zion. Beste lan bat ere eskaini zion: hiztegia egiten laguntzea. Azkenean Kirikiñok astekariaren egitasmoan esku hartzea onartu zuen. 1902an kaleratzen da, gobernuak ezarritako hainbat eragozpen gainditu ondoren, astekari berria, Ibaizabal izenarekin eta Bustinza zuzendari zela.
Kirikiñoren pentsaera
Kirikiñok eragin handia izan zuen Ibaizabal astekarian erabili zen euskaran eta astekariak azaldu zuen jarrera politikoan. Euskarari dagokionez, ez zen bat etortzen Azkueren ereduarekin, baina ezta guztiz sabindarrekin ere, herritarrek erabiltzen zuten bizkaieran oinarritzen zen eta tarteka neologismo sabindar batzuk sartzen zituen. Astekariari eman zion kutsu politikoa abertzale aranista izan zen. Euskaldunek euskaraz irakurtzeko ohitura har zezaten, garrantzi handia eman zion herrietako albisteei eta horretarako korrespontsal-sare zabala sortu zuen. Hala ere irakurle gutxitxo izan zituen eta zorrei erantzun ezinik sortu eta bi urtera itxi egin zen Ibaizabal.
Kirikiño euskara-irakasle
1903an Azkue bere hiztegia bukatzeko eta inprimatzeko prest zegoen, baina bazuen eragozpen bat: Frantziako inprimategi batean argitaratu nahi zuenez hiztegia, denboraldi batez euskarako katedra utzi beharra zeukan hara joateko. Ordezko bat jartzea erabaki zuen, Kirikiño, hain zuzen. Horretarako Azkue Frantziara joan aurreko ikastaro osoan zehar Kirikiño Azkuek ematen zituen eskoletara joan zen, metodologiaz jabetzeko. Lau urte iraun zuen ordezkotza horrek eta, gainera, Azkue itzuli zenerako ikasle-kopuruak gora egin zuenez, irakasle izaten jarraitu zuen 1928 arte.
Euzkadi egunkarian
1913an Kirikiñok, bizimodua aurrera ateratzeko, irakaskuntzaz aparte zuen San Antonio de Montellano Meatzaritza-konpainiako kontularitza-lana utzi eta Euzkadi egunkariaren euskarazko atalaren eta espainierazko euskal gaiei buruzkoaren ardura hartzen du. Egunero-egunero hamasei urtetan zehar Kirikiñoren lanak argitaratu ziren Euzkadin. 1928an, osasun-arazoak zirela eta, eskolak eta egunkariko lana utzi eta Mañariara erretiratu zen eta 1929an bertan hil zen.
Kirikiño idazlea
1901ean, Euskal Herrira itzuli aurretik beraz, Bilboko Lore-Jokoetan sari bat eman zioten. Gipuzkeraz idatzitako antzezlanak bizkaieratu zituen, horrela: Jose Elizondo idazle tolosarraren Txomin Arrayo, Abelino Barriolaren Meza berriya. Goian aipatutako aldizkari eta egunkarietan argitaratu zituen ipuinak bilduz bi liburu kaleratu ziren: Abarrak 1918an eta Bigarren Abarrak 1930ean. Bi biak liburu atseginak, irakurterrazak, pasadizoz eta pasarte barregarriz beteak dira.
Ebaristo Bustinza Lasuen, "Kirikiño" (1866-1929)
1866an jaio zen Mañarian. 1878an Albaceteko Almansara aldatu zen, han bizi zen Abadiñoko osaba baten etxera. Mañarian eta Durangon eginiko lehen ikasketen ostean han burutu zuen batxilergoa Ebaristok. 1883an Madrilera joan zen Kaminotako Ingeniaritza ikastera, baina ez zuen karrera hau bukatu. Horren ordez Zientzia Fisiko-Matematikoetako Lizentziatura lortu zuen 1891an. Gero Guadalajarako Sigüenzan matematikako irakasle egon zen.
Azkuerekin harremanetan
Euskal Herritik kanpora bizi izan zen denbora guztian ez zuen euskara ahaztu. Ostera, Madrilen ikasle zela, esate baterako, beti ahalegindu zen beste ikasle euskaldun batzuekin biltzen eta euskaraz aritzen ziren. Euskara hobetu nahian Azkueren gramatika erabili ohi zuen eta bazuen harremana Azkueren lagunen batzuekin.Azkue bera Bilbon bizi zen hainbat lanetan murgilduta. Besteak beste, Sabino Aranarekin eta Miguel Unamunorekin lehian lorturiko euskarako katedran irakasten. Lanpetuegia zegoen, bere hiztegia lantzeari eskaini nahi zion denbora atera ezinda. Katedrako lana arintzeko, laguntzaile bat behar zuen. Kirikiño, berriz, Euskal Herrira itzultzeko irrikaz zegoen.
Kirikiño Madrilgo Unibertsitatean ikasle zela. Taldean Miguel Primo de Rivera gero Espainiako diktadore izango zena ageri da.
Prestakuntza ona zuen, frantsesa eta ingelesa menperatzen zituen eta prest zegoen edozein lani heltzeko. 1900ean Azkuek proposamen bat egin zion Kirikiñori: euskarazko astekari berri bat ateratzekotan zebilela eta zuzendaritza eskaintzen ziola. Kirikiñok ez zuen eskaintza onartu, ez zuelako kazetaritza-lana ezagutzen. Azkuek ez zuen etsi eta behin eta berriz errepikatu zion eskaintza, baina Kirikiñok behin eta berriz ezezkoa eman zion. Beste lan bat ere eskaini zion: hiztegia egiten laguntzea. Azkenean Kirikiñok astekariaren egitasmoan esku hartzea onartu zuen. 1902an kaleratzen da, gobernuak ezarritako hainbat eragozpen gainditu ondoren, astekari berria, Ibaizabal izenarekin eta Bustinza zuzendari zela.
Kirikiñoren pentsaera
Kirikiñok eragin handia izan zuen Ibaizabal astekarian erabili zen euskaran eta astekariak azaldu zuen jarrera politikoan. Euskarari dagokionez, ez zen bat etortzen Azkueren ereduarekin, baina ezta guztiz sabindarrekin ere, herritarrek erabiltzen zuten bizkaieran oinarritzen zen eta tarteka neologismo sabindar batzuk sartzen zituen. Astekariari eman zion kutsu politikoa abertzale aranista izan zen. Euskaldunek euskaraz irakurtzeko ohitura har zezaten, garrantzi handia eman zion herrietako albisteei eta horretarako korrespontsal-sare zabala sortu zuen. Hala ere irakurle gutxitxo izan zituen eta zorrei erantzun ezinik sortu eta bi urtera itxi egin zen Ibaizabal.Kirikiño euskara-irakasle
1903an Azkue bere hiztegia bukatzeko eta inprimatzeko prest zegoen, baina bazuen eragozpen bat: Frantziako inprimategi batean argitaratu nahi zuenez hiztegia, denboraldi batez euskarako katedra utzi beharra zeukan hara joateko. Ordezko bat jartzea erabaki zuen, Kirikiño, hain zuzen. Horretarako Azkue Frantziara joan aurreko ikastaro osoan zehar Kirikiño Azkuek ematen zituen eskoletara joan zen, metodologiaz jabetzeko. Lau urte iraun zuen ordezkotza horrek eta, gainera, Azkue itzuli zenerako ikasle-kopuruak gora egin zuenez, irakasle izaten jarraitu zuen 1928 arte.Euzkadi egunkarian
1913an Kirikiñok, bizimodua aurrera ateratzeko, irakaskuntzaz aparte zuen San Antonio de Montellano Meatzaritza-konpainiako kontularitza-lana utzi eta Euzkadi egunkariaren euskarazko atalaren eta espainierazko euskal gaiei buruzkoaren ardura hartzen du. Egunero-egunero hamasei urtetan zehar Kirikiñoren lanak argitaratu ziren Euzkadin. 1928an, osasun-arazoak zirela eta, eskolak eta egunkariko lana utzi eta Mañariara erretiratu zen eta 1929an bertan hil zen.Kirikiño idazlea