R.M. Azkue


Ama mundakarra zuen eta aita lekeitiarra (Eusebio Maria Azkue poeta). Resurreccion gazteak lehenengo itsas-ikasketak egin zituen herrian bertan. Hamalau urterekin Bilbora joan zen batxilergoa ikastera, eta ondoren Gasteiza eta Salamancara teologia eta filosofia ikastera. Hola apaiztu zen 1888 urtean.

rmazkue.jpg 35azkue.jpg
Urte hartan berean, Bizkaiko Aldundiak, Bilboko Institutuko euskara erakusteko katedran irakasle izateko lehiaketa-deialdia oposizioz irabazi zuen. Deialdi hartara, Sabino Arana Goiri euskal abertzaletasunaren aita eta Miguel Unamuno idazle eta pentsalaria aurkeztu ziren Azkuerekin batera, eta Azkuek berak irabazi zuen lehiaketa. Orduz geroztik Bilbon finkatu zuen bizilekua, eta hiri hartatik abiatuz garatu zituen bere proiektuak. Hasteko katedrari lotuta hainbat argitalpen egin zituen. Hala, 1891an, arau logikoen bidez euskal aditzaren jatorrizko formak eman nahi dituen Euskal Izkindea-Gramática Euskara eman zuen argitara. Urte batzuk geroago, Azkuek lan hori "gaztaroko bekatua" izan zela aitortuko zuen. Pablo Pedro Astarloa apologistaren eraginpean idatzia, gramatika hura aitzindarietako bat izan zen ideia aprioristetan oinarrituz, erdal kutsadurarik gabeko euskara ideal bat osatu nahi zutenentzat. Hurrengo urteetan irakurgaiak, ortografia proiektuak eta euskara ikasteko metodoak sortu zituen katedran erabiltzeko asmoz. Euskara modernizatzeko beste hainbat ekimen ere bultzatu zituen, hala nola Euskalzale eta Ibaizabal aldizkariak eta euskarazko ikastetxe baten sorrera Bilbon, besteak beste.
Garai honetan Sabino Aranarekin eta Ramón de la Sotarekin harremana izan zuen, ideologikoki euskal nazionalismora bihurtuz. Beraz, sarri esan denaz bestera, Azkue ez zen karlista, baizik gazterik egin zuen abertzaletasunaren hautua, nahiz eta gai askotan Aranarekin eta aranazaleekin bat ez etorri, batik bat euskarari buruz. 1916an, ELA sindikatuaren "socio protector" (bazkide babesle) gisa ageri da. Azkueren nazionalismoa kulturazaleagoa zen, aranazaleek nabarmendu nahi zituzten arraza-ezaugarrien aldean. Hala ere, ez zen alderdi gizona, eta identifikazio politikoa saihestu zuen. Politika zuzena baino maiteago zuen kultura arloko ekintza.
Urte luzez, Hego Euskal Herriko idazle eta euskalzaleen artean bi joera nagusi izan ziren: Aranazaleak eta Azkuezaleak. Denbora luzez, idazle jeltzaleak Sabino Aranak emandako hizkuntza-ereduaren alde lerratu izan ziren salbuespenik gabe. Urteak joan ahala ordea, jeltzale askoren iritziak Azkueren ikuspegira hurbildu ziren, hala nola Seber Altube euskaltzaina.
1904 urtean Azkuek Bilbo utzi zuen eta Europan zehar ibili zen bost urtez, lehenik Tours-en (Frantzia) bere hiztegi hirueledunerako materialak jasotzen eta ondoren Bruselan (Belgika) eta Kolonian (Alemania) musika ikasketak burutzen.
1909an Bilbora itzuli eta katedrako eskolak emateaz gain zenbait opera konposatu eta taularatu zituen (Ortzuri, 1911n eta Urlo, 1914an). Azken obra horrekin izandako porrotaren ondoren hizkuntzalaritza lanetan murgildu zen berriro, bereziki euskal akademiaren sorrera bultzatuz. Hola, 1918an Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarra ospatu zenean, Euskaltzaindiaren premia agerian gelditu zen eta bera izan zen euskal akademiaren sortzaile nagusia eta haren lehendabiziko lehendakaria 1919an.
1920an Institutuko euskara katedran erretiroa hartu zuen Euskaltzaindian burubelarri lan egin ahal izateko. Akademiatik euskara arautzeko eta sustatzeko ekimenak bultzatu zituen, baina erakunde ofizialen bazterketa eta sabindar hertsienen oposizioa jasan zuen. Horren ondorioz, ikerketara bideratu zituen bere ahaleginak, garai honetan Morfologia vasca gramatika lana eta Cancionero vasco herri kantuen bilduma erraldoia nabarmenduz. "Real Academia de la Lengua Española"-ko kide ere izendatu zuten euskararen ordezkari gisa 1927an. 1935ean Euskalerriaren Yakintza folklore bilduma argitaratzen hasi zen eta urte bereko Gipuzkera osotua proiektuarekin euskara idatzi batu bat proposatu zuen. Eredu honen lehen adibide praktikoa Ardi Galdua kontakizunean eman zuen.
Espainiako Gerra Zibila eta gero, Francisco Franco diktadoreak agintea eskuratu zuenetik Euskaltzaindiaren jarduna etenda geratu zen. Azkuek erbestea saihestea lortu zuen, ordurako aski zaharra baitzen, eta politikoki ez oso nabarmedua. Zenbait kudeatzeen ondoren Euskaltzaindia berrantolatzeko baimena lortu zuen 1941ean, eta lan hartan Federiko Krutwig gaztearen laguntza izan zuen. Hala ere, katakunben garaiak ziren eta jarduera oso urria izan zuen garai honetan akademiak. Lekeitiarra ordea, egunero joaten zen Bilboko egoitzara lanera.
Azkue 1951an hil zen, ezbeharrez Bilboko Ibaizabal ibaira erori eta egun batzuetara.

Bibliografia

Bere obra eskergan gailentzen da XX. mendearen hasieran argitaratutako hiztegi hiru eledun monumentala, Diccionario Vasco-Español-Francés; 1905ean kaleratu zen lehen liburukia eta hurrengo urtean bigarrena.
Hiztegi hau ordurarte ezagutzen ziren eskuizkribu, hiztegi eta euskal liburu guztiak arakatuz gotortu zuen, baina haren baliorik handiena herri-hizkera jasotzea izan zen. Azkue herriz herri ibili zen Euskal Herri osoan barna eta han-hemengo hamaika berba eta esapide batu zituen.
Liburu zaharrak arakatu eta biluztea egun, teknologia digitalari esker, oso erreza da, baina berak "landako lan" hura egin izan ez balu, hainbat eta hainbat hizkuntza-altxor zeharo galduta egongo ziren. Berri-emaile asko zeuzkan hainbat herri eta zahar etxetan (berak "irakasle" deituak) eta berba bakoitza zein euskalkitan -eta baita zein bailara eta herritan ere- erabiltzen zen agertu zuen hiztegi mardulean. Nekez aurkituko dugu Azkuelako hiztegigilerik mundu zabalean, batez ere kontutan hartzen badugu dena eskuz eta bere kasa mamitu behar izan zuela. Halere, jasotzen duen informazioa hain handia izaki, hutsegiteak eta bere teoria berezien ondorio diren gehiegikeriak ez dira falta lan honetan.
Esan behar da Azkueren hiztegigintza-lanaren kontura aprobetxatu zirenak asko izan zirela. Kasurik argiena Ixaka Lopez MendizabalenaTolosarrak bere hiztegiak lekeitiarrarenaren lepotik mamitu zituen inongo aipurik egin gabe. Geroago hainbat eta hainbat euskal hiztegigilek berdintsu jokatu dute.
Bera lanak hainbat alorretan ondu zituen: musika, erlijio-literatura, antzerkia, elaberrigintza eta kazetaritza, besteak beste.
Euskal aurrizki eta atzizkiak eta euskararen kategoria gramatikalak bildu eta aztertu zituen Morfología Vasca-n (1923); Halaber Diccionario de bolsillo vasco-español y español-vasco (1918) eta Gipuzkera osotua (1935) kaleratu zituen.
Beste obra ezinbesteko batzuk dira Cancionero popular vasco (1918) herri-kanten bilduma zoragarria eta Euskalerriaren Yakintza
Bestalde zartzuela, opera eta oratorio batzuk idatzi zituen eta baita zenbait elaberri ere, besteak beste, Bein da betiko, Batxi GuzurArdi galdua. izan zen. (1935-47) euskal folklorea eta etnografiari buruzko ikerketa eta bilduma itzela. eta